XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Izaki horiek ez baitira bakarrik bizitzen ahal, beren lagunen berotasuna gabe hiltzera doatzila, dohakabe.

Gainera, kutsatzaile hutsak dirade.

Beste sai bat, udazken eguntto batez, jakinahiak jana, hetarik hurbildu da.

Arrabots handi batean, sai hura erori da harria bezala, hegalak bildurik eta ez da sekulan itzuli.

Orduan, ugatza, hantxe, hodeiri zintzilik egoiten da, soilik bezain aske.

Bizkitartean, ez da arrunt bakarrik.

Behean, norbaitek bilatzen du.

Norbait dabil ta mendiz mendi, sudurra airean eta nekaezin, ugatzaren hegada mirestu nahian.

Florian bederatzi urteko mutiko txiki bat da eta pasione berezia dauka.

Ez zango baloia ala xokoletezko oñoña, are gutiago plastikazko dinosoroak burasoer komeniago litzaieken bezelatsu.

Gauza horiek non eta nola nahika aurkitzen dira.

Bainan ez.

Maite duena, gauza bakana da, kasik eskuraezina.

Handiena, urriena eta ederrena dauka maite: ugatz bizardun handia.

Orduan, igandetan, mendira doa bere largabixtekin.

Harri baten gainean jarririk, zeru sapaia begiz miatzen du ugatzaren ikusteko desira gorria lagun.

Eta hilabetetik hilabetera, bortu gaina behatzen du.

Miruak, busokak, saiak eta arrano zonbait ikusi ditu bainan sekulan ez da ugatzarik ortzean agertu.

Florian ez da halere etsitzen.

Badaki xerkatzen duena badaukala haize-laster ala ingumatik zerbait.

Badaki, nontik nahi den, ez duela nehoiz hurrenduko ez eta hura ez dela sekulan etxekotuko.

Bainan hainbat sordei.

Badaki, nondik nahi, ugatza hor dela nonbait, ametsa bezain jin eta joankor.

Noizetik noizera, halere, Florian etsituz doa.

Burua apal, begiak bustirik zerua gehiegi miatu gatik, jartzen da harri baten gainean eta hasperenka hasten.

Ai ugatza ager baledi, behin bederen, keinu txiki bat egin diezaion, bere luma gorrailetarik zonbait utzi diezazkion.

Soa ihes dohakio arroka batetik bestera bainan ez du luma izpirik aurkitzen.

Bakarrik hezur hautsi metaxka bat.

Hezur hautsiak?

Florian tipustean jeikitzen da.

Eta bai, bixtan da, lur harritsua jotzean mila pusketan hautsi diren hezurrak daitezke.

Antzara basa batek basahuntzaren zango-makila zerutik beheiti utz lezakea erortzera?

Hauxe da galdera.

Hezur metaxka horrek argi eta garbi du ugatz handiaren presentzia markatzen.

Florianek bere largabixtak eskuratzen ditu eta zerua berriro miatzen.

Egun batez, orduak eta orduak barrandan egon ondoan, ttitta beltz batek zortzi etzana itxura daukan bere egungo ortzea zeharkatzen du.

Bere arrokaren gainean jarririk, largabixtak begitan, Florianek taigabe miresten du txori handia biraka bortuaren gainez.

Hantxe goian, bixtan da, gure ugatza laster ohartu dela norbait zegoela behean, ekia krudelki isladatzen duten bi begi dirdaitsudun norbait.

Etorri da hegalak zabal ibiltzera aran hunen gainean, batere xede zehatzik gabe, desira lauso batek bultzaturik.

Bainan, orain hasten da arranguratzen zer ari ote den hor begi lodidun izaki txiki hori eta bira biraka jausten da.

Xoriaren dantzak liluraturik, Florian ez da ezertaz ohartzen... norbait ari zaio gibeletik hurbiltzen.

Bitarteko goratasuna daukan gizon bat, ferde ilun itsusi batez leporaino jantzirik eta arma bat eskutan.

Memorian oroitzarik uzten ez duen begitarte eta burua ametsez husturik dabiltzan gizaki hetarik.

Gizon ferdeak haurra behatzen du.

Gero begiak altxatzen ditu eta arrapale handia ikusten du zeru gainean itzulika.

Gizonari ez zaio laket bera baino gorago, ederrago, libreago doanik ikustea.

Are gutiago haur mukitzu batek bere astia gal dezan, sudurra airean, abere lumadun eta bizkarkoi bati geldi-geldian so.

Ugatza bere jitez ez dago lotsati.